XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, begira zer diren gauzak -berotu zen Baratxuri Buru-: Nahiz Amundsen aurrena iritsi, jendeak areago mirestu zituen Scott eta bere kideak. Badakizue zer gertatu zitzaien?

- Ba, bigarren iritsi zirela, Amundsenen atzetik -esan zuen Ariadnak.

- Bambulsson bezalako zakurrik ez zeukatelako, ziurrenik -gaineratu zuen Bambulok. Doi hitzeginez orduan ere.

- Ez hori bakarrik, Ariadna -adierazi zuen Baratxuri Buruk.

Itzuleran, sekulako blizzard bat izan zuten, ekaitz ikaragarria, atertu gabe jo eta jo aritu zitzaiena.

Eta azkenean, gosez eta nekez hil ziren denak.

Oraindik gogoan dauzkat Scott kapitain bihoztun hark bere egunkarian idatzitako azken hitzak: Ekaitza ez da baretzen. Bihar azkenengo ahalegina. Ez daukagu batere erregairik, eta janaria ere behin edo bi alditarako bakarrik. Azkena hurbil dago...

- Ze hunkigarria! -hotsegin zuen Ariadnak.

- Halaxe da, bai. Hunkigarria benetan -esan zuen Baratxuri Buruk.

Nolanahi ere, halakoxeak ziren esploradore haiek.

Heriotzaren eta bizitzaren arteko zubian bizi ziren. Amundsen bera Hego Polora iritsi eta handik urte batzuetara hil zen, desagertu egin zen galdutako beste espedizio bat erreskatatzera abiatuta.

Bai, beste mami bateko gizonak ziren haiek! Oraingook desberdinak gara!

- Zakurrok berriz ez gara hainbeste aldatu -esan zuen Bambulok oso-oso doi. Hain doi non inork ez zion aditu.

Baratxuri Buruk astindu moduko bat egin zuen, gorputzean sartutako hotza uxatu nahiz bezala.

- Baina zertan ari naiz ni kontu triste horiekin! Une alai hau zapuzten ari naiz! -esan zuen ozenki.